Martxoaren 17an, BBK Gutun Zuria Bilbao Saria emango da. 2022ko edizioan sortu zen, eta euskal eta nazioarteko literaturako funtsezko eragileen sorkuntza-lana saritzen du, ibilbide, obra espezifiko edo kultura-proiektu garrantzitsu baten aitorpen gisa.
2023an, jaialdiaren ohorezko makila euskal eta nazioarteko literatura-sorkuntzako bi erreferenterentzat izango da: Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garzarentzat. Ohorezko makilaz gain, saria irabazleei emandako gutun zuri baten gisakoa izango da, hurrengo urteko jaialdiko edizioan inplikatu eta parte har dezaten, orduan, aldi berean izango baitira ohorezko gonbidatu eta beste egile, hitzaldi edo programa batzuen anfitrioi.
Cristina Rivera Garza
Eleberrigile, poeta, ipuingile eta saiakeragilea, Cristina Rivera Garza Mexikoko literatura garaikideko ahotsik garrantzitsuenetako bat da, eta Sor Juana Inés de la Cruz Nazioarteko Saria bi aldiz jaso duen bakarra. Houstongo Unibertsitateko espainierazko Idazketa Sortzaileko doktoregoa sortu zuen. Bere lanen artean, “La cresta de Ilión” (Tránsito argitaletxea, 2020) nabarmentzen da. Istorio kezkagarria da, indarkeriak gorputzetan nola eragiten duen erakusteko balio dio, eta zalantzan jartzen ditu errealitatearen mugak eta generoaren markatzaileak. Bere azken liburuak, “El invencible verano de Liliana” (Random House, 2021) izenekoak, 2021eko José Donoso Letren Iberoamerikako Saria irabazi du Txilen, eta Xavier Villaurrutia Saria Mexikon. Liliana Rivera Garzaren istorioa da: feminizidioaren biktima, 20 urterekin bere bikotekideak eraila, eta bere arrebaren ahotsez kontatua. Memoriak berreskuratu, eta Lilianarentzat eta guztientzat justizia bilatzen duen nobela.
Anjel Lertxundi
Haur- eta gazte-literaturako, eleberri eta saiakerako 50 lan baino gehiagorekin, Anjel Lertxundi erreferentea da euskarazko literaturan. Idazlea, literatura-kritikaria, kazetaria eta gidoilaria. Bere lanik aipagarrienen artean, “Otto Pette” (Alberdania, 1994) eleberria dago, harekin 1994an Literaturako Sari Nazionaleko finalista izan baitzen narratiba modalitatean.
“Eskarmentuaren paperak” lanarekin 2010eko Saiakerako Sari Nazionala jaso zuen, eta bi aldiz irabazi zuen Literaturako Euskadi Saria: 1983an “Hamaseigarrenean aidanez” (Erein, 1983) eta 2001ean “Argizariaren egunak” (Alberdania, 1998) liburuekin. Halaber, Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen 1983an eta 1991n. “Haltzaren muinoa” eleberriarekin (Elkarlanean – Elkar argitaletxea, 2020) Haur Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen (2021). Bere ibilbide literarioaren aitorpen gisa, Rosalia de Castro saria jaso du. Bere azken argitalpenak “Itzuliz usu begiak” (Alberdania, 2019) eta “Desertuan behatxuloa” (Alberdania, 2022) dira.